Kursaal Fundazioak antolatuta, Kursaalgo Ganbera Aretoan Michael Nyman musikariak bere taldearekin batera eskainiko duen kontzertua.
Asteartea, 2013ko otsailak 21
Michael Nymanek, zeina
"Pianoa" (Campion, 1993) filmaren soinu-banda famatuaren musikagilea baita, bi zati izango dituen programa bat aurkeztuko du: aurrenekoan, Michael Nyman Band-en arrakasta handiak eskainiko dira, oraintxe egingo baita "Michael Nyman" diskoaren berrargitalpen berezia, Michael Nyman Banden lehen diskoaren 30. urteurrena ospatuz.
Bigarren partean, "Vertov Sounds" diskoko piezetako bat estreinatuko da. Dziga Vertov-en "A Sixth Part of the World" (1926) filmaren soinu-banda da, Michael Nymanek 2010ean konposatu zuena eta Michael Nyman Bandek flimaren proiekzioaren gainean joaz interpretatuko dena.
"A Sixth Part of the World" filmaren musika Vienna Konzerthaus-ek Michael Nymani egindako eskaera bat izan zen. Nymanek 2009an grabatu zuen, eta diskoa 2010ean argitaratu zen, "Vertov Sounds" titulupean. Disko honetan dago halaber "The Eleventh Year" obra, hau ere Nymanek soinu-banda ipini zion Vertoven filma. Kasu honetan, Kunstfest Weimar jaialdiaren, ZDFren eta ARTEren eskaera izan zen. Vertoven bi film hauek berez mutuak dira, eta inolako soinurik gabeak.
Michael Nyman eta Vertoven arteko harremana 2003an hasi zen, urte hartan Nymanek "Man with a Movie Camera"ren soinu-banda konposatu baitzuen. Errusiar maisuarekiko topaketa funtsezkoa izan zen Nymanen planteamendu estetikoaren definizioan, zinemaren eta dokumentalaren esperimentazioari zegokionez.
Michael Nyman britainiar musikagile berritzaile eta txalotuenetako bat da, eta oso lan zabala egina du: operak, hari-laukoteak, soinu-bandak eta kontzertu-orkestrak. Konpositore hutsa baino askoz ere gehiago da: konpositorea izateaz gainera, interpretea da, zuzendaria, pianista, idazalea, musikologoa, argazkilaria eta zinemagilea. "Berpizkundeko gizontzat" hartzen da; izan ere, bere sorkuntza-interesak eta balioaniztasun artistikoak gure denborotako kultura-ikono liluragarri eta eraginkorrenetako bat bihurtu dute.
Fama izugarria eskuratu zuen Jane Campionen "Pianoa" (1993) filmaren soinu-banda saritua konposatu ondoren. Beste film askorentzako musika ere konposatu du, europar egile independenteen filmetarako bereziki. Hollywooderako soinu-banda bakan batzuk egin ditu: "Gattaca", "Ravenous" (Damon Albarn-ekin) eta "The End of the Affair".
Zinemarekin zerikusirik ez duten Nymanen obrarik ezagunenak, berriz, honako hauek dira: Noises, Sounds & Sweet Airs (1987) soprano, altu, tenor eta instrumentu-taldearentzat ("La Princesse de Milan" filmaren soinu-bandan oinarritua, hura ere Nymanena); Ariel Songs (1990) soprano eta bandarentzat; MGV (Musique à Grande Vitesse) (1993); "The Man Who Mistook His Wife for a Hat" ("Emaztea kapela batekin nahastu zuen gizona", 1986, Oliver Sacks-en azterlan batean oinarritua); eta zenbait hari-koarteto.
Nymanen obra asko Michael Nyman Band bere taldearentzat idatzi dira berariaz. Talde hau 1976an sortu zen, Carlo Goldoniren "Il Campiello" izeneko lan batentzat. Taldea, hasieran, antzinako tresnek osatua zen, rabelak eta txirimiak besteren artean, eta horien ondoan tresna modernoak zeuden, saxofoia esate baterako (anplifikagailurik gabe ahalik soinurik fuerteena eskuratzeko erabilia), baina gero hari-laukote zabaldua bihurtu zen —hiru saxo, tronboi baxu, baxu eta pianoarekin—, zenbait lan jakinetarako aldatu den formazioa.
Nymanek berebat idatzi zuen lan garrantzitsu bat 1974an musika esperimentalari buruz, "Experimental Music: Cage and Beyond", John Cagek musika klasikoko europar musikagileengan izan duen eragina aztertzen duena. Ezaguna da orobat "minimalismo" hitza aurrenekoa izan zelako musikan erabiltzen, The Spectator aldizkarian, Cornelius Cardew ingeles musikagilearen gaineko 1968ko artikulu batean.
2005ean, Michael Nymanek bere disketxe propioa sortu zuen, MN Records, eta harekin instrumentuetarako obrak, operak eta soinu-bandak kaleratu ditu. 2008an, "Mozart 252" kaleratu zuen, BBCk, Mozarten 250. urteurrena zela-eta, eskatutako lana. 2008an berebat, "8 Lust Songs - Il Sonetti Lussoriosi" argitaratu zuen, Marie Angel sopranoarekin, eta orobat kaleratu zuen Sublime argazki-liburua.
Horrez gainera, galeria batean egindako lehen erakusketa prestatu zuen, "Videofile", berak egindako argazkiak eta film laburrak aurkeztuz. Programa osagarri bezala, David McAlmont abeslariari lagunduz, kontzertu bat eskaini zuen interprete gisa. Programan bere piezak zeuden eta bere soinu-banda famatua, "Man With a Movie Camera", zinema mutuko klasikoarentzat (Dziga Vertov, 1929).
2009an beste opera bat estreinatu zuen, BBC Proms-en eskaeraz, Ennio Morriconeren 80. urtebetetzea zela-eta.