Aldundiak lankidetza hitzarmena onetsi du UNESCO Etxearekin kooperazio eta giza eskubideen arloan.
Asteazkena, 2013ko apirilak 18
Egingo den inbertsioa 87.000 eurokoa da eta helburua izaera integrala duen proiektu bat finantzatzea da; xederik behinena Nazio Batuen, Nazioarte Mailako Kooperazioaren eta Giza Eskubideen Sistemako gaiei buruzko informazio, prestakuntza eta sentiberatze zerbitzu zuzena den “Orientazio, Komunikazio eta Beken Zentroaren” garapena eta mantenua da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak egin zuen bileran Bizkaiko Foru Aldundiaren eta UNESCO Etxea – Euskal Herriko UNESCO Zentroaren arteko lankidetza hitzarmena eratzea erabaki zuen. Hitzarmenak 87.000 euroko inbertsioa ekarriko du, zertarako-eta izaera integraleko proiektu bat finantzatzeko; proiektuaren xederik behinena “Orientazio, Komunikazio eta Beken Zentroaren” garapena eta mantenua da, Nazio Batuen, Nazioarte Mailako Kooperazioaren eta Giza Eskubideen Sistemako gaiei buruzko informazio, prestakuntza eta sentiberatze zerbitzu zuzena dena, alegia.
Hitzarmen horren markoan Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetzan jardungo du Unesco Etxeako giza baliabideen prestakuntzan, hain zuzen ere Bizkaiko Foru Aldundiaren Kooperazioko egitarauen arloan, eta kooperazio egitarau guztiei buruzko dokumentazioa zuzkituko dio.
Hori ez ezik, Gizarte Ekintza Foru Sailak Giza Eskubideen V. Foroko idazkaritza teknikoa esleituko du nazioarte mailan giza eskubideen hauspenei lotuta dauden gaur egungo gaiei buruz gizarte bizkaitarra sentiberatzeko eta gizarteari horien berri emateko, beti ere guk inguruan dugun esparruari hurbiltzeko ahalegina eginda.
Hitzarmenaren arloak
• Nazio Batuen, Nazioarte Mailako Kooperazioaren eta Giza Eskubideen Sistemako gaiei buruzko informazio, prestakuntza eta sentiberatze zerbitzu zuzena den “Orientazio, Komunikazio eta Beken Zentroaren” garapena eta mantenua;
• “Eman minutu bat” ikus-entzunezkoen lanen lehiaketa laguntzea;
• Giza Eskubideen V. Foroa–Bizkaia (2012) antolatzea.
Bakearen, giza garapen iraunkorraren eta giza baliabideen kultura.
UNESCO Etxea – Euskal Herriko UNESCO Zentroa irabazteko asmorik gabeko erakunde independentea da, 1991 urtean sortu zen eta egoitza Bilbon du, eta 1998 urtetik aurrera erlazio ofizialen estatusa du Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundearekin (UNESCO). 2002ko uztailean kontsultak egiteko erakundearen estatusa eman zitzaion Nazio Batuen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren aurrean. Halaber, UNESCO Etxea 1995etik Nazio Batuetako Informazio Publikoko Saileko kidea da. Azkenik, 2003 urtetik bere Dokumentazio Zentroa UNESCOri atxikita dauden Liburutegien sareko kidea da.
2007 urtean Bizkaiko Foru Aldundiak, Euskadiko Kutxak eta UNESCO Etxeak sustatutako gizarte izakia den KOOPERA Zetroan bere maila hori igo zuen eta UNESCO Etxea INFOPOINT moduan, Nazio Batuen informazio gune ofizial, aintzatetsia izan zen, eta aintzatespen hori lortu duen Europako estatuz kanpoko lehen izakia da.
KOOPERAren helbururik garrantzitsuenak Nazio Batuen Sistemako abiaburuak, egitarauak, ekintza-lineak eta dokumentuak zabaltzea eta gizartearen partaidetza sustatzea dira. Eragiketa horiek gobernuz kanpoko beste antolakuntza eta erakunde batzuekin informazioa, prestakuntza eta hezkuntzaren arloko esperientziak elkar trukatuz egiten dira eta xedea toki mailan eta maila globalean bakearen, giza garapen iraunkorraren eta giza eskubideen kulturaren alde lan egitea da.