Bilboko Udalak, Bizkaiko Ostalaritza Enpresarien Elkartearekin eta hiriko merkataritza-elkarteekin lankidetzan, Aste Santuan zabalik egongo diren jatetxeen eta gaueko lokalen bi gida argitaratu ditu.
Astelehena, 2013ko apirilak 2
Bilboko Udalak, Bizkaiko Ostalaritza Enpresarien Elkarteekin eta Bilbao Dendak, Zazpi Kaleak eta Bilbao Centro Merkatari Elkarteekin lankidetzan, Aste Santurako gastronomia eta gaueko aisialdi eskaintza barne hartzen duten bi gida landu ditu. Egungo krisi ekonomikoko testuinguruan, opor hauek negozio-aukera ona dira ostalaritzarako, eta, gainera, establezimenduak irekita egoteak bisitariei ematen zaien arreta hobetu egiten du, eskaintza zabal eta osatuagorekin.
Udalak hiriaren irudi aktiboa mantentzeko eta Bilboko ostalaritzak bisitariei eta egoiliarrei eskaintzen dizkien zerbitzuak ezagutzera emateko beste ahalegin bat egin du. Ekimen hori Bizkaiko hiriburua bisitatzen duten turisten kopurua hazten ari delako jarri da martxan, erabakiak hartzen laguntzeko moduko informazio praktikoa, eskuragarria eta erabilerraza behar baitute. “Jatearen Pasioa” eta “Gauaren Pasioa” gidekin, egun hauetan Bilbo bisitatuko duten pertsona guztiek berehala jakin ahalko dute zein establezimendu egongo diren zabalik eta nora joan daitezkeen bazkaltzera edo hamaiketakoa egitera, baita gauez ongi pasatzeko nora joan daitezkeen ere.
Gauaren Pasioa. Estreinakoz, Bilboko Udalak Aste Santuko gaueko aisialdiari buruzko liburuxka bat argitaratu du. Ekimen honek hirian gauez dagoen establezimendu-eskaintza ezagutzera ematen du, eta jaiegun horietan beren negozioak irekiko dituzten pertsonei laguntzen die.
Liburuxka hau bederatzi ataletan egituratuta dago, eta, bertan, 50etik gora establezimendu aurkezten dira, eremuka bereizita. Erabilitako kategoriak Bilbon dauden establezimendu-moten araberakoak dira, eta lokal-mota, edariak, eskaintza gastronomikoa eta musika-mota kontuan hartuz zehaztu dira:
Kopa luzea
Edariak erritmoarekin
Diskotekak
Kafe, Zuku, Ardo eta Pintxoak
Gaueko Terrazak
Pintak Bilbon
Karaokeak
Kasinoak eta Bingoak
Gay friendly
Gidak, era berean, askotariko informazio praktikoa barne hartzen du, adibidez, taxi geralekuak, Bilbobus eta metro zerbitzuen gaueko ordutegiak, baita larrialdietako zenbakia ere.
Liburuxka horretan agertzen dira Bizkaiko Ostalaritza Enpresarien Elkartearen eta merkatari elkarteen bidez (Bilbao Dendak, Zazpi Kaleak, Bilbao Centro) Aste Santuan irekita egongo direla jakinarazi duten establezimenduak, baita Udalak gida hau egingo zuela iragarri zuenean pertsonalki erantzun zuten guztiak ere.
Jatearen Pasioa. Argitalpen honetan, xeheki eta praktikoki jaso dira Aste Santuko egun guztietan edo batzuetan (apirilak 5, 6, 7, 8 eta 9) zabalik egongo diren ostalaritza-establezimenduen 300 erreferentzia baino gehiago. Gida honetan, janari tradizionala eskaintzen duten lokalak, bokata-dendak, hanburgesa-jatetxeak nahiz marisko-jatetxeak, erretegiak, goi sukaldaritzako jatetxeak, txokolate-dendak, izozki-dendak, tabernak eta pintxo barradun kafetegiak aurki daitezke.
Lokal bakoitzaren izenaren ondoan, informazio erabilgarria jaso da, establezimendua aukeratzeko erabakia errazteko, hala nola, lokalaren helbidea, telefonoa eta ordutegiaren nahiz menu-motaren (bazkariak, afariak, pintxoak) xehetasunak eskaintzen dituzten ikono ulerterraz batzuekin.
Aurten, Michelin izarrak lortu dituzten establezimenduak berezi dira, baita, aurreko edizioetan bezala, Slow Food Bilbao-Bizkaiaren ‘Km.0’ ekimenarekin lotutakoak ere.
Gastronomia-eskaintza eremuka banatuta dago:
Guggenheim-Abando
Alondegia-Indautxu
Zazpi Kaleak
Bilbo Zaharra
Castaños
Deustu
Beste eremu batzuk (Ametzola, Arangoiti, Artxanda, Basurtu, Iralabarri, Ibarrekolanda, Kobetamendi, Miribilla, Monte Arraiz, Monte Avril, Olabeaga, San Ignazio, Santutxu, Uribarri, Zorrotza, Zurbaran).
Liburuarekin batera plano bat eransten da, eta, bertan, kolore bidez bereizten dira liburuxkan zerrendatutako establezimenduak dauden eremuak, eta, horrez gain, Bilboko hiru turismo-bulegoen helbidea eta ordutegia jaso dira (Arriaga Antzokikoarena, Guggenheim Museoaren ondokoarena eta Zabalguneko eraikinekoarena).
Ale-kopurua eta banaketa. 30.000 ale argitaratuko dira (15.000 liburuxka bakoitzeko), lau hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Bilboko eta Bizkaiko Turismo Bulegoetan egongo dira eskuragarri, baita aldameneko Lurralde eta Erkidegoetan, Bilboko hoteletan, pentsioetan, Bilbao Aterpetxean, Termibusen eta Bilboko 300etik gora ostalaritza lokaletan ere. Horrez gain, Bilbao Turismok mailing masibo bat egingo du liburuxkak pdf formatuan helarazteko mundu osoko turismo-bulegoetara. Gida horiez gain, “Bilboko Pasioa” izenburukoaren 17.000 ale argitaratu dira gaztelaniaz eta euskaraz, eta, bertan, hiriko kultura-jarduerak jaso dira.