Andoni Aldekoa Bilboko Udalaren Kontseilari Delegatuak eta Ibon Areso Lehenengo Alkateordeak hiriko berroneratzearen gako politikoak eta historia azalduko dituzte.
Asteartea, 2013ko ekainak 19
Danimarkako hirigile eta ordezkari instituzionalen ordezkaritza batek Bilbo bisitatuko du datorren igandera arte, hiriko hirigintza-eraldaketa ezagutzeko xedez. Bilboko eraldaketa-prozesua antzeko prozesuen inspirazio-iturria da munduko beste hiri batzuetan, eta daniar ordezkaritzak aldaketa horiek ezagutu nahi ditu.
Bisitaldia Danimarkako udalerrietako hirigile, teknikari eta ordezkari instituzionalei zuzendutako “Strategic Urban Governance. Innovation in a globalized World” programaren baitan sartzen da. Datozen egunotan, ordezkaritzak informazioa jasoko du Bilboko eraldaketa protagonizatu duten eragile nagusien aldetik, eta aukera izango du hiriak bizi izan duen hirigintza-aldaketa horren leku enblematikoenak bisitatzeko.
Bisitaldia Danimarkako 27 udalerritako ordezkariak biltzen dituen programa zabal baten baitan sartzen da; beraren bidez, ordezkaritza horrek aldaketa-prozesu arrakastatsuenak izan dituzten hiri batzuk bisitatuko ditu mundu osoan; adibidez: Seul, Singapur, San Diego, Londres, Nantes edo Goteborg.
Danimarkako ordezkaritza Andoni Aldekoa Bilboko Udalaren Kontseilari Delegatuak hartu du. Beronek ezagutzera eman die hiriko sistema eta egitura politikoa, eta baita Hiribilduko erronka nagusiak ere. Udalaren alorrean, Ibon Areso Lehenengo Alkateordearekin ere bildu dira, eta honek errepasoa eman dio hiriko berroneratze-prozesu osoaren historiari.
Beren bisitaldian, gainera, beste ordezkari hauekin ere bilduko dira: Pablo Otaola, Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordearen Gerentea, Alfonso Martínez Cearra Bilbao Metropolí 30eko Zuzendari Nagusia, Marian Barrondo Bizkaiko Teknologia Parkeko Berrikuntza Zuzendaria, Xabier Maidagan Innobasqueko Internazionalizazio Zuzendaria, eta Alfonso Vergara Metrópoli Fundazioko Presidentea.
Hirigile, teknikari eta ordezkari instituzionalek aukera izango dute Bilbo mundu osoan ezagutzera eman duten espazio batzuk in situ bisitatzeko. Hala, datozen lau egunotan, Abandoibarra, Deustuko Zubia, Zubizuri Zaldaina, Isozaki Atea, Bizkaiko Teknologia Parkea, Alhóndiga Bilbao, Bizkaiko Zubia, Guggenheim Museoa, Alde Zaharra eta Arte Eder Museoa bisitatuko dituzte, besteak beste.