Elikagaietan, uretan eta ingurumenean egiten dituen osasun-kontrolez baliatzen dira Udalaren hainbat Ikuskapen Unitateak.
Asteazkena, 2013ko ekainak 27
Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko Udal Laborategiak laguntza analitikoa ematen die elikagaien, uren eta ingurumenaren kontrol sanitarioaren esparruan jarduten duten Udaleko hainbat Ikuskapen Unitateri. Horretarako, 76 determinazio analitiko ditu egiaztatuta (substantzia kimiko edo mikroorganismo jakin baten berariazko saiakuntza metodo baten bidez egiten den detekzioa edota kuantifikazioa), zerbitzuen artean dituen 184 determinazioetatik; % 41,3, beraz.
Egiaztatutako determinazioei dagokienez, 23k, hauekin dute zerikusia: elikagaien eta uren kontrolarekin eta zaintzarekin, prestatutako janariekin bereziki (ostalaritza, erakundeetako jantoki kolektiboak, egoitzak, ikastetxeak eta abar), haragizko produktuekin eta arrantza-produktuekin, gozogintzarekin, gizakiak kontsumitzen dituen urekin eta Legionella kutsa dezaketen instalazioen kontrolarekin. Gainerako 53k, elikagaien segurtasun kimikoa kontrolatzen eta zaintzen dute, eta, zehazki, nutrizio-konposizioarekin, elikagaien freskotasun- eta kontserbazio-egoerarekin eta baimendutako eta debekatutako gehigarrien nahiz osasunerako oso arriskutsuak diren hondakinen (hala nola albaitariek erabiltzen dituzten sendagaiak) detekzio eta kuantifikazioarekin zerikusia dute.
Elikagaien, uren eta ingurumenaren kontrol sanitarioaren bidez, Bilboko herritarren osasun publikoa bermatzen du Udal Laborategiak, prebentzio-ekintza eta ekintza zuzentzaileen bidez. Horrela, herritarrak arrisku mikrobiologiko eta kimikoak saihesten dituzte.
Horrez gain, Iparraldeko Laborategi Taldearekin (Euskadi, Errioxa, Nafarroa, Aragoi, Asturias eta Kantabria) ere lankidetzan aritzen da, eta Elikagaien Segurtasun Nazionaleko Laborategi Sareko (RELSA) kidea da. Sare honek, Elikagaien Segurtasunari eta Nutrizioari buruzko 17/2001 legeari jarraitzen dio, Estatuan dauden baliabide analitikoei etekina ateratzeko.
Haren kudeaketaren funtsezko oinarriak hauek dira: lanaren plangintza eta programazioa, espezializazioa eta talde-lana eta emaitzen kalitatea.
UNE-EN ISO/ IEC 17025 arauak egiaztatuta
Arautegia betez, Kontrol publikoko Laborategi moduan, Egiaztatzeko Erakunde Nazionalak (ENAC) 1998ko abenduan egiaztatu egin zuen UNE-EN ISO/ IEC 17025 arauaren bidez. Arau horren arabera, kalitatea kudeatzeko sistema egokia du antolaketa-prozesu guztietan, eta laborategiaren gaitasun teknikoa berresten du, laborategiak berak lortutako emaitzak baliozkotzat hartuz. Ziurtagiri hori lortu zuen kontrol ofizialeko lehen laborategietako bat izan zen.
Laborategiak 2011. urtean egindako jarduera analitikoari dagokionez, guztira, 2.815 lagin eta 23.603 determinazio egin zituen: elikagaien % 37, uren % 60 eta tipifikatu gabeko laginen % 3.
2012ko bekak
Aurten, duela 27 urtetik egiten duen moduan, 4 beka emango ditu graduatu-ondokoentzat, elikagaien osasunean eta osasun publikoan presta daitezen. Beka horiek 20 hilabeterako izango dira. Zientzia esperimentaletan edo beken helburuarekin zerikusia duten Osasun zientzietan (Biologia, Biokimika, Ingurumen Zientziak, Kimika, Farmazia, Albaitaritza, Elikagaien Teknologia eta abar) lizentziatu diren bilbotar gazteentzat dira.