Heineken taldeak Gasteizko Green Capital logotipoa zabalduko du

Heineken taldeak Gasteizko Green Capital logotipoa zabalduko du publizitate kanpaina nazionaletan.

Osteguna, 2013ko ekainak 28

Heineken taldea “Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012 programaren lehen bazkidea bihurtu da. Sinatu duen hitzarmenaren bidez, firmak green balioak eta Gasteizen logoa hainbat kanpaina eta ekintzetan zabaltzen lagunduko du.

Gasteizko alkate Javier Marotok eta HEINEKEN España multzoko lehendakari exekutibo Richard Weissendek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, zeinaren bidez HEINEKEN España taldea Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012 programaren lehen bazkide bihurtu baita. Firmak green balioak eta Gasteizen logoa hainbat kanpaina eta ekintzetan zabaltzen laguntzeko konpromisoa hartu du, 2014ko abenduaren 31ra arte.

"Oso harro gaude bazkide-babesle izateko lehen hitzarmen hau Heinekenekin sinatu izanaz, marka hori guztiz bat baitator Gasteizek ordezkatzen dituen balioekin. Biok erreferenteak gara eta kalitate eta iraunkortasunarekin konprometituta gaude, etorkizuna eraikitzen duten balioak baitira. Gasteizen bereizgarria berdea da, hiri aitzindaria gara ingurumen alorrean eta, beraz, funtsezkoa da ingurunearekiko begirunea gurekin partekatzen duten markekin batzea. Elkarrekin, herritarrak, enpresak eta erakundeak gizarte eredu berri baten bila inplikatzea lortuko dugu", adierazi du alkateak.

Hitzarmenaren arabera, konpainiak eskubide izango du green espirituarekin lotuta egiten diren ekintza, sustapen eta komunikazioetan agertzeko, HEINEKEN España korporazio markaren bitartez, edo haren zerbeza marken bitartez, besteak beste, Heineken, Amstel, Cruzcampo, Cruzcampo Light, Shandy Cruzcampo eta Buckler 0,0... -merkatuko liderrak beren alorretan- eta Cruzcampo Gran Reserva -sortu zenetik urtez urte sariak lortu dituena nazioarteko lehiaketetan-. Gainera, ekitaldi jakinetan HEINEKEN taldeak berariazko parte-hartzea izango du, esaterako, Vitoria-Gasteiz European Green Capital 2012 erakusketan, bertan zerbezaren produkzio faseetan -horniduratik hasita produktua banatu arte- jarraitzen dituzten jardunbide iraunkorrak erakutsiko baitituzte, erakusketa eta hitzaldien bitartez.

"Gasteizen sinesten dugu, haren balioetan eta haren konpromisoan. Hiri zorrotz eta handinahia da, baina baita inspiratzailea ere, beraz, eredu bat da iraunkortasuna etorkizuna dela uste dugun guztiontzat. Gure konpainiak zerbeza ekoizten duen munduko talde iraunkorrena izatera iristeko asmoa du, beraz, ahaleginak batu nahi ditugu zabalkundean eta sentikortzean, etorkizun hobearen alde topa egiteko", azaldu du HEINEKEN Españako lehendakari exekutibo Richard Weissendek.

Konpainiak, zeinak Madrilen, Valentzian, Sevillan eta Jaénen baititu lantegiak, zenbait ekintza sustatuko ditu, Eraztun Berdeko VIII. BTT Ibilaldia, esaterako; 2012ko uztailaren bigarren astean, Eraztun Berdearen 35 kilometroak korrituko dira. Andre Maria Zuriaren Jaietan ere hartuko dute parte, abuztuaren 4tik 9ra bitartean gauez egin ohi diren kontzertu jendetsuetako bitan Foru plazako agertokia jantziko baitu markak.

Firmak 2011n hamar milioi hektolitro zerbeza ekoitzi zuela kontuan izanik, ostalaritzari begirako ekintzak ere antolatuko dira, jakina; zehazki, urrian prestakuntza ikastaroa antolatu du, zeinean HEINEKEN taldea "Presenting Sponsor" izango baita.

Munduan zabalkunde handiena duen zerbeza taldearekin -125 lantegitik gora du, 70 herrialdetan baino gehiagotan, eta ia mundu osoan merkaturatzen ditu bere produktuak- sinatu den hitzarmenean beste puntu nabarmengarri bat Gasteiz hiria ezagutarazten emango duen laguntza da, green logoa zabalduko baitu komunikazio kanpaina nazionaletan, eta bezeroak eta lankideak gonbidatuko baititu kultura, gastronomia eta ingurumenari dagokienez iraunkortasunaren hiriburu dena ezagutzera.

Ranking Berriak