Ulia Interpretazio Zentroak hiru ikuspuntutik gauzatuko da; ingurumena, kultura eta turismoa. Tailerrak eta bestelako ekintzak antolatuko dira.
Osteguna, 2013ko ekainak 28
Ulia Interpretazio Zentroak uda honetan zabalduko ditu ateak, heldu den uztailaren 28a, larunbatarekin. Egun horretatik aurrera donostiarrek beste aukera bat izango dute ingurune natural honetara gerturatzeko. Ulia hiriak duen ondare natural aberasgarrienetako bat da, eta ondare hori ezagutzen eta ulertzen lagunduko du zentro honek.
Cristina Enea Fundazioak kudeatuko du zentroa. Donostiako Tokiko Udal Gobernuak ostiralean onartuko du lau urteko iraupena izango duen esleipena. Fundazioaren eta zentroaren filosofia berdina delako eta helburuetan bat datozelako dauka zentzua hitzarmen honek. Ingurumena babestea, ondare naturala zaintzea, bioaniztasuna bermatzea eta garapen iraunkorraz arduratzea dira bata eta bestearen helburuak eta horregatik guztiagatik bidaide izango dira aurrerantzean.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak zentroaren kudeaketa eredua oso inportantea izango dela adierazi du: “Proiektua prozesu parte hartzaile baten baidez osatuko dugu, izan ere, proiektuari ekarpenak egin ahal izango dizkiote taldeek eta eragileek. Parte hartzea da gure politika egiteko moduaren zutabea eta proiektu honetan ere horixe islatuko da. Herritarrekin eta eragileekin batera ezarriko ditugu proiektuaren ardatzak”.
Ulia Interpretazio Zentroak hiru ikuspuntutik gauzatuko da; ingurumena, kultura eta turismoa. Eta hiru ikuspuntu horiek bost eremuren baitan landuko dira: ingurunea eta paisaia, fauna eta flora, itsas gunea, historia eta ondarea eta ibilbideak babestea eta sustatzea. Horretarako, ekintza mordoa antolatuko da, asmoa baita zentroa dinamikoa izatea. Uliako baliabide natural eta kulturalak ezagutarazteko helburuarekin, beraz, bisitak, tailerrak eta bestelako ekintzak antolatuko dira, eta, noski, sentsibilizazio kanpainak ere egingo dira.
Ulia Interpretazio Zentroaren irudia ere aurkeztu da, eta bertan lore bat txertatu da. Armeria euskadiensi da lorea. Donostian 1976an identifikatu zen eta zurtoinak hosto estuak dituen erroseta batetik jaiotzen da. Loreak arrosak kolorekoak dira eta esfera formako multzo batean ageri dira. Bitan loratzen da, udaberrian eta udazkenean, martxoa eta uztaila bitartean eta iraila eta urria bitartean. Espezie endemikoa da, hau da, Euskal Herrian bakarrik aurki daiteke; hortikan izena.