Ekitaldiaren laugarren edizioa hiria kirol ekitaldien erreferente bihurtzera zuzendutako udal estrategiaren baitan sartzen da.
Ostirala, 2013ko ekainak 8
Bilbao Night Marathonek bere laugarren edizioa egingo du datorren
urriaren 20an, aurreko hiru lasterketek izandako arrakastaren ostean. Europan egiten den gaueko herri maratoi bakarra da, eta Espainiako Atletismoaren Errege Federazioaren Egutegi Ofizialean dago sartuta. Proba hau udalak Bilborentzat diseinatutako estrategiaren baitan sartzen da, hots, jarduera ekonomikoa sortu eta hiria dinamizatzen duten kirol ekitaldien erreferente bihurtzeko udal estrategiaren baitan.
Udako maratoiak kirola eta dibertsioa uztartzen ditu, eta bestelako modu bat eskaintzen du hiria bizitzeko eta ezagutzeko. Lasterketaren asmoa da kirolzale guztiengana iristea. Horretarako, hiru proba desberdin ditu: 42 kilometroko maratoi bat, atleta profesionalentzat eta modalitate horretara ohituta dauden pertsonentzat; 21 kilometroko bi lasterketa (maratoi erdiak) eta “Lasterketa Pirata” izeneko martxa bat. Azken hori, 7 kilometrokoa, publiko osoarengana zuzentzen da eta kirola eta dibertsioa uztartuko ditu.
Guggenheim Bilbao Museoa, berriz, abiapuntu eta helmuga paregabea izango da pertsona parte-hartzaileentzat. Bai abiapuntuak eta bai ibilbideak berak agerian uzten dute Bilbao Night Marathon hiriko bizitzan integratzen den proba bat dela, espazio publikoaren eta Hiribilduko leku enblematikoen bitartez. Gainera, oso proba estimatua da herritarren aldetik, lehiakideen kopuru handiak eta lasterketa behatzen duten milaka ikusleek frogatzen duten bezala.
Iaz, 3.700 parte-hartzaile baino gehiago abiatu ziren, eta 30.000 pertsonak baino gehiagok animatu zituzten ibilbidean zehar. Gaueko proba hau atletismoaren urteko ekitaldi garrantzitsuena da Bizkaian, eta denbora laburrean runningaren munduko ekitaldi ezagunenetako bat izatera iritsi da, bai Estatuan eta bai atzerrian.
Bilboko probaren kirol maila handia iaz geratu zen islatuta, zeren Abdellah Tagharafet atleta marokoarrak Estatuko maratoian inoiz egindako hirugarren markarik onena lortu baitzuen, 2 ordu, 8 minutu eta 21 segundoko denboraz.
Bilbao Night Marathonen 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte har dezakete. Izen-ematea uztailaren 10etik aurrera egin daiteke, webgune honetan: http://www.bilbaonightmarathon.com/.