Proiektu horietatik 8 modari lotuta daude, 4 proiektu industria eta produktu diseinuari, 2 bideo-jokoei eta 4 ikus-entzunezkoen ekoizpenari. Proiektu bakoitzak, batez beste, 27.700 euroko diru-laguntza jaso du.
Asteazkena, 2013ko abuztuak 1
Aurten Bizkaiko Foru Aldundiak 18 enpresa txiki eta ertaini lagundu die "Bizkaia Sortzailea" programaren bidez eta ekimen horri esker, batez beste, 27.700 euroko inbertsioa jaso dute. Helburua da nazioarte mailan bere lekua duen sektore bat sortu eta finkatzea. ETEak hainbat arlotakoak dira: fitness-eko produktuen industriako diseinua, 360 graduko animazioa, “serious games” jokoen sorkuntza hezkuntza arlorako, zientzia zein teknologia eta altzairuzko bitxigintza.
Bizkaiko Foru Aldundiak Ekonomia Sustatzeko Sailaren bitartez eman dituen laguntzak honela banatu dira: modari lotutako 8 proiektu, industria eta produktu diseinuari 4 proiektu, bideo-jokoei buruzko 2 eta ikus-entzunezkoen ekoizpenari buruzko 4.
Moda arloko enpresek guztira 240.850 euro jaso dute, beraz, batez beste 30.106 euroko diru-laguntza. Diru-kopuru horrekin finantzatuko da zortzi enpresa horietako 5 nazioarteko merkatuetara irekitzea, 2 enpresatan negozio-lerro berrien garapena eta enpresa berri bi abiaraztea.
Bideo-jokoen arloan “Bizkaia Sortzailea” programan laguntza eskuratu zuten bi proiektuek, guztira, 86.600 euroko diru laguntza jaso dute, hau da, 34.300 euro, batez beste. Horrela, enpresa biek merkatu eta negozio-lerro berrien irekiera, hurrenez hurren, finantzatuko dute.
Industria eta produktu diseinurako eskaeren % 100ek “Bizkaia Sortzailea” programako laguntzak jaso dituzte. Laguntza-deialdi horretan parte hartu duten lau enpresek 75.150 euro jaso dute (18.788 euro, batez beste); haietako bik negozio lerro berrietarako erabiliko dute laguntza, beste batek merkatu berrietara irekitzeko erabiliko du eta besteak, duela gutxi sortutako proiektu bat abiarazteko.
Azkenik, laguntza horien deialdira aurkeztu ziren ikus-entzunezkoen arloko sei enpresetako lauk 11.5400 euroko diru laguntza jaso dute, hau da, 28.850 euro, batez beste, proiektu bakoitzeko. Laguntza horiek negozio-lerro berriak irekitzeko soilik erabiliko dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak ekitaldi honetarako “Bizkaia Sortzailea” programaren barruan diru-laguntzetan ezarri zuen 500.000 euroko diru-kopurua jaso dute enpresa horiek guztiek.
“Bizkaia Sortzailea”
“Bizkaia Sortzailea” programaren helburua da nazioartean bere lekua izango duen sormenaren sektore bat sortu eta finkatzea gure lurraldean, Bizkaian sortzen ari diren eta egun dauden sormen enpresei lagunduz. Administrazio publiko batek abiarazten duen era horretako lehenengo programa da eta haren bitartez, 2015era arte 4 milioi euro inbertituko dira helburua lortzeko, hau da, Bizkaiak industria sortzaileen arloko 50 enpresa-proiektu izan ditzan 2015. urtean.
Bizkaian sormenari lotutako enpresak garatzeko giro egokia dagoela ikusi da, eta, baita ere, etorkizunean sektorea garatzeko ahalmen handia izango duela; hori dela eta sortu zen “Bizkaia Sortzailea” programa.
Izan ere, Europan lanaren % 3,8 eta BPGren % 4,5 industria sortzaileei dagokie. Gainera, era horretako enpresek badute enplegu kualifikatua sortzeko ahalmen handia, batez ere, gazteen artean.