50.000 pertsona eta 2.000 VIP pasatu dira Bilbok eta Bizkaiak Londreseko joko olinpikoetan izan duten standetik.
Astelehena, 2013ko abuztuak 20
Bilbo eta Bizkaia Londresko Joko Olinpikoetan egon dira, hiriaren erdi-erdian jarritako sustapen-stand baten bidez. Stand horretan informazioa banatu zaio jendeari, eta 2.000 pertsona ospetsuk baino gehiagok gure gastronomiaren aberastasuna ezagutzeko aukera izan dute, Bizkaiko lau sukaldari ospetsuk egindako pintxoekin.
Bilbo eta Bizkaia arrakasta handiz aurkeztu dira Londreseko Joko Olinpikoetan, sustapen-stand baten bidez; abuztuaren 4tik 12ra bitartean 5.000 pertsona eta 200 VIP baino gehiago pasatu dira egunero erakustoki horretatik. Hirigunetik gertuko Covent Gardenen, NBA House esparruan egon da stand hori, Estatu Batuetan eta Europan hiria eta lurraldea sustatzeko NBArekin sinatutako akordio eta hitzarmenak direla bide. BBVAk ere babestu du jarduera hau.
Bilbo eta Bizkaia Londresko Joko Olinpikoetan aurkezteko stand promozionala NBA Houseko (Covent Garden) beheko solairuan instalatu da. Standean ekimenari buruzko informazioa eman da eta ‘hospitality’ bat antolatu da; bertan VIP gonbidatuek Bizkaiko lau sukaldari ospetsuk egindako pintxo hautatuak dastatu dituzte: Aitor Elizegi, Bascook jatetxea, Bilbo; Álvaro Garrido, Mina jatetxea, Bilbo; Txomin Gómez, Palacio de Oriol, Santurtzi; Iñigo Ordorika, Zallo Berri jatetxea, Gernika. Sukaldari horiek beraiek prestatu zituzten ekimenaren aurkezpen-ekitaldian dastatu ziren pintxoak ere. Miniatura-jakien hautapenean kontuan eduki zen Bizkaiko gastronomiaren oparotasuna eta askotarikotasuna erakutsi behar zirela; gainera, arreta handia ipini zen pintxoak dotoreziarekin aurkezteko.
Standaren ibilbide ofizialaren abiaburuko ekitaldia abuztuaren 5ean izan zen: pintxoez, txakolinez eta Arabako Errioxako ardoez atondutako afaria eskaini zitzaien bertaratu ziren pertsonei, eta asko izan ziren, mahaiburuan Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko Diputatu Imanol Pradales eta Bilbao Ekintzako Zuzendari Nagusi Juan Félix Madariaga zirela. Batak eta besteak oso ontzat jo dute esperientzia, bertaratu diren enpresen, ekonomiaren, finantzen, turismoaren, moda eta diseinuaren, merkataritzaren eta kirolaren arloetako pertsonek eta enbaxadetako kideek interes handia erakutsi baitute Bilbo eta Bizkaia ezagutzeko.
‘Alfonbra gorri’ luze bat
Ekitaldian 200 bat gonbidatu izan ziren eta haien artean nazioarteko saskibaloian oso ezagunak diren pertsonak zeuden, esaterako kirol honetako mito bihurtu den Bruce Owens, oraindik NBAn, Toronto Raptors taldean, jokatzen ari den Jorge Carbajosa, Espainiako Saskibaloiko Federazioko lehendakaria, Nazioarteko Batzorde Olinpikoko kide batzuk eta NBA Europako lehendakaria, Ben Moral. Azken horren esanetan: “Bilbo eta Bizkaia bazkide bikainak dira guretzat. NBAk behar den guztia dauka Bilbo eta Bizkaia ezagutarazteko eta bisitari asko erakar ditzake hirira zein lurraldera”.
Horiez gainera Londresko arlo askotako pertsonalitateak ere bildu dira standera, esaterako Alemania, Portugal, Venezuela, Estonia eta Lituaniako enbaxadetako ordezkariak, British Airways, Hertz eta Double IC enpresetako exekutiboak, BBVAko talde handia, Advanta Global Services enpresako lehendakari Gorka Viar, eta London School of Economics, University of Arts London eta Design Council erakundeetako zuzendari batzuk. Gainera, diseinuaren eta modaren arloko kideak ere izan dira, esaterako MONOCLE aldizkariko Karri Plats eta WALLPAPEReko zuzendaria, Tony Chambers.